Aurkezpena
Landaolatik “Landa Emakumeak Gara” proiektua sustatzen gabiltza, Gipuzkoako landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea bultzatzeko helburuarekin, landa eremuan azken urteetan identifikatu ahal izan diren elkar-trukerako espazio urrien eta honek ekar dezakeen bakardaderako joerekin hausteko.
Landu nahi den honetan oinarriak jarri edo lehen hausnarketak emateko, hemen aurkezten dugun “sormen lehiaketa” antolatzea erabaki da, iraila-urria bitartean. Lehiaketa honek “landako emakumeak eta bizikidetza” gaia ditu ardatz. Honen bidez, Gipuzkoako emakume ezberdinak landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi dira.
Lehiaketaren gaia
“landako emakumeak eta bizikidetza”
Gai hau ardatz hartuta, sormen lehiaketa honetan parte hartu nahi duten Gipuzkoako emakumeek, euskarri grafiko bat (argazki, marrazki, irudi, collage…) eta euskarri grafiko honi loturiko hausnarketa-testu txiki bat aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketan parte hartzeko aukera urriaren 15a arte luzatuko da.
Parte hartzaile adina ikuspuntu egon daitezke, eta horiek ezagutzea da helburua. Landa eremuko bizikidetzak ertz asko dituenez, landa eremukoak diren emakumeez harago zabaltzen dugu parte hartzeko deialdia, bertan jatorria duten emakume asko ez baitira orain han bizi eta ikuspegi hibrido interesgarria eskaini dezaketelako; edo bertan jatorria izan ez arren ere asteburu eta jai egun guztiak inguru horietan pasatzen dituztenak ere badaudelako… Emakume guzti horien begiradekin ehundu nahi dugu bizikidetzaren oihala!
Parte hartzen dutenen artean, euskarri grafiko eta hausnarketa testu arrakastatsuenak hautatuko dira epaimahai eta publikoaren bidez, eta 4.000 €-tik gora banatuko dira! Jasotako lanekin erakusketa bat antolatu eta sarituak direnekin bideo labur bat ere grabatuko da. Animatu parte hartzera!
Lehiaketari zuzendutako lehen fase honetatik lortzen den ezagutza eta informazio guztia (hala nola euskarri, gogoeta, ideia edo ondorio desberdinak) “Landa Emakumeak Gara“ proiektuaren hurrengo fasean erabiliko dira. Fase honetan, emakume horien arteko topaketak, elkarrekiko hausnarketarako uneak edo eraikuntza kolektiboaren ikuspegitik lan egiteko partaidetza-saioak antolatzea planteatzen da, horretarako diseinatutako prozesu baten baitan.
LANDAOLA 2021©.